Aitor Tena Eizagirre

Aitor Tena Eizagirre

15-12-2020

21:51

Zenbait autorek adierazten dutenaren arabera, ‘desgaitasun’ terminoa kapitalismoaren sorrerarekin batera jaiotzen da. Baina zer da benetan desgaitasun hitzarekin adierazi nahi dena? 👇

Eduardo Joly soziologo argentinarraren hitzetan, lan produktiboan parte hartzeko gaitasun-eza izango litzateke desgaitasunari lotu zitzaion esanahia, hau da, esplotatuak izateko eta enpresariei (nahiko lituzketen) irabaziak sortzeko inkapazitatea.

Azken finean, gainbalioa sortzea ahalbidetuko zieten langileak soilik nahi zituzten kapitalistek, hau da, euren lan-indarrarena baino balio handiagoa produzituko zutenak; horretarako, beharrezko lanaz gain, pluslana ere egingo zutenak.

Ondorioz, pertsona hauek, ia bere osotasunean, soldatapeko lanetik kanpo geratu ziren kapitalismoaren sorreran. Marxek, erreserba ejertzitu industrialaz hitz egiten duenean, hontatik kanpo ere uzten ditu garaian "degradatu, despojo eta lanerako inkapaz" gisa definitzen zirenak.

Erreserba ejerzitu industriala kapitalarentzat oso baliagarria da; izan ere, alde batetik, langabezian dauden kapek soldataren gaineko presioa eragiten dute eta, bestetik, akumulazioaren anpliazio kasuetarako erreserba bat osatzen dute, izenak berak dioen bezala.

Dena dela, aipatu dugun moduan, hasiera batean behintzat eremu hauetatik kanpo geratu ziren. Luciano Andrés Valenciak azaltzen duenez, arazo sozial gisa ikusiak ziren eta instituzio anitzetan segregatzeari ekin zioten: ospitaleak, workhouseak, kartzelak…

Hala ere, zuzenean esfera produktibotik at kokatzen zen biztanleriaren zati honi lan istripu, lesio edo gaixotasunen ondorioz kanporatuak izan zirenak ere gehitu behar zaizkio. Horren harira, honakoa dio Jolyk: "la pobreza discapacita y la discapacidad empobrece aún más".

Lehenengo Mundu Gerra ostean, Nazioarteko Lan Erakundea (OIT) sortzearekin batera 'Errehabilitazio Programak' martxan jartzen hasi ziren eta Bigarren Mundu Gerra ondoren indartu egin ziren, Ongizate Estatuaren sorrerak eraginda.

Hala ere, aurrerago errehabilitazioa sustatzen zuen ‘Modelo Medikoa’ gainditu eta ‘Modelo Soziala’ nagusitzen hasi zen. 2007an, esaterako, Nazio Batuek “Desgaitasuna duten pertsonen eskubideen inguruko konbentzioa” ospatu zuten; besteak beste, lanerako eskubidea aitortzen zuena.

Modelo Sozialaren agerpenaren erakusle dira, esate baterako, Euskal Herrian zein espainiar Estatuan 60. hamarkadatik aurrera desgaitasuna zuten pertsonen familiak sortzen hasi ziren elkarteak; euren senideen bizi-baldintzak hobetu eta etorkizun hobe bat eskaintzeko helburuarekin.

Noizbait aipatu dudan bezala, ordea, hamarkada hauetan egoitzen, eguneko zentroen edo bestelako instituzio sozialen gorakada ulertzeko kontuan izan behar dugu, emakumearen laneratzearekin eta gizartearen zahartzearekin batera, soldatapeko lanak gure bizitzetan duen zentralitatea.

Izan ere, honek erabat zailtzen du maite ditugun pertsonen alboan egotea, hauek zaintzea… Azken finean, esan genezake lanaren eta, kasu honetan, desgaitasuna duten pertsonen zaintzaren kontziliazioa ezinezko egiten dela euren senideentzat.

70. hamarkada erdialdean, EAEn eta bereziki Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko lehen urratsak eman ziren, hainbat enpresekin elkarlanean lehenik eta lantegi propioak sortuz ondoren, tailer babestu deiturikoak.

Azken hamarkadetan pertsona hauen formakuntzan eta laneratzean garapena nabarmena izan den arren, begi bistakoa da oraindik zailtasun ugari topatzen dituztela lan-merkatuan integratu edota euren lanpostua mantentzeko.

Esate baterako, horren erakusle da honako grafikoa. Bertan, ikus daiteke espainiar Estatuan 2012. urtean %24,5 soilik ari zela lanean. Esanguratsua da, gainera, desgaitasuna duen biztanleriaren %63 inaktibo eta, ondorioz, lan-merkatutik kanpo zegoela.

Azken hamarkadetan, soldatapeko lanaren bilakaeraren, indar produktiboen garapenaren eta lan modalitate berrien agerpenaren ondorioz, desgaitasuna duten pertsonen aukera laboralak hazi egin dira. Horren adibide izango litzateke, besteak beste, telelana.

Arlo honetako hainbat elkartek, esaterako, telelana goraipatzen dute gizalaneratzea sustatzeko aukera moduan eta, bestetik, "gaixotasunen ondoriozko bajak gutxitu, bizitza pertsonal eta laboralaren kontziliazioa erraztu eta langileen errendimendua hobetu" ditzakeelako.

Hau da, desgaitasuna duten pertsonen "esplotagarritasuna" azpimarratzen da. Gainera, ez dira telelanaren ondorioak (lan karga igo, "presentismo birtuala", atomizazioa...) edo honek kapitalaren akumulaziorako bete ditzakeen funtzioak kontuan hartzen.

Bestetik, Enplegu Zentro Bereziak izango genituzke, hau da, helburu produktiboa duten eta desgaitasuna duten pertsonei ordaindutako lana eskaintzen dieten enpresak. Hala ere, legeak lanbidearteko soldata minimoaren %25 gutxiago ordaintzea baimentzen du.

Gainera, "Gizarte Segurantzaren kuoten %100aren finantziazioa, lanbidearteko gutxieneko soldataren %50eko subentzioa eta kontratu bakoitzagatik 4.000€-12.000€ arteko diru laguntza" jasotzen dituzte enpresa hauek. Soldataren debaluazioari, beraz, diru iturri hau gehituko genioke

Azkenik, Enklabe Laborala egongo litzateke. Honen bitartez, azpikontratazioaren antzera, jada enpresek asetzen ez dituzten (baina jarduera ekonomikorako ezinbestekoak zaizkion) aktibitate eta zerbitzuei erantzuna ematen zaie.

Alberto Riesco-Sanzek azaltzen duen moduan, esan daiteke kapitalismo industrialean ohikoa zen soldata-lotura erabat aldatu dela: subordinazioan oinarritutako harreman salariala izatetik zerbitzuen eskaintza komertzial izatera igaro da.

Amaitzeko, agerikoa da desgaitasuna duten pertsona asko, baita beraien senideak ere, pobrezia estrukturalera kondenatuak daudela. Zentzu horretan, ezinbestekoa da haien baldintza materialen hobekuntzaren aldeko borrokak abiatzea eta babeserako mekanismoak martxan jartzea.

Esate baterako, euren lan indarra saltzeko duten zailtasuna (edo ezintasuna), subjektu debaluatu gisa kapitalarentzat betetzen duten funtzioa, prestazio sozialen eraginkortasun-eza edota kontziliazioaren arazoa salatuz; eta, aldi berean, pixkanaka garaipen gradualak lortuz.

Gaur egun, Jolyren hitzetan, "desgaitasuna duten pertsonen borroka, sistema kapitalistaren baitan, esplotatuak izateko eskubidearen aldeko borroka" bihurtu da. Honen harira, hausnarketa interesgarriak topa daitezke «Colectivismo y lucha de clases» testuan

Bertan, Kolitzak dio ezinbestekoa dela marko burgesaren gaindipenaren garrantziaz ohartzea; izan ere, burgesiak erabili ohi duen trikimailuetako bat langileen antolakuntza eta hauen perspektiba soldataren gaineko borrokara eta, ondorioz, marko burgesaren betikotzera mugatzea da.

Helburua lan indarra behin betiko obedientziara kondenatzea da. Burgesiari benetan beldurra eragiten diona, ordea, klase borroka obendientziaren prezioaren (hau da, soldata) gaineko borroka soil izatetik, burgesiaren botere ororen disoluzioaren aldeko borroka bilakatzea da.

Zentzu horretan, argi izan behar dugu soldatapeko lanak ez gaituela aske egingo. Ezinbestekoa da bizi eredu krudel honetara lotzen gaituzten kateak hautsi eta harreman sozial kapitalistak gainditzea; klaserik gabeko gizartearen eraikuntza izango baita gure askabide bakarra.

Hari honi amaiera emateko, Eduardo Galeanok ‘Utopia’ olerkian, bere jendarte ideala irudikatuz, dioen esaldi hau gogora ekarri nahi nuke: “Nadie vivirá para trabajar, pero todos trabajaremos para vivir"



Follow us on Twitter

to be informed of the latest developments and updates!


You can easily use to @tivitikothread bot for create more readable thread!
Donate 💲

You can keep this app free of charge by supporting 😊

for server charges...